Ohar bat literatura historiografiaz : B. Echepare erdi-aroko autore?

Beñat Oyharçabal
unpublished
Ez ahal didate beltzuri eginen literatura historiaren ikertzaileek, ni eremu horretako noiz behinkako ikusliarra izanki, hartan behar baino barnago menturatzen banaiz, eta kontu zahar batzuetara itzulirik, euskal literaturaren historiografia hunkitzen duten zenbait gogoeta plazaratzen baditut. Aspaldi gogoa alhan naukan paradoxa honetaz ariko naiz: hainbestetan aipatu den euskal literaturaren berankortasunak arras salbuespen guti izan du 1545etik joan den mendearen hondar hamarkadak arte,
more » ... arkadak arte, haietarik bat, ene aburuz, Echepareren Linguae Vasconum Primitiae izanik. Izan ere, euskal literaturak argitalpenik izan badu bere garaiari zegokionik, erran nahi baitu euskal gizartearen testuinguruan bere garaiko literaturaren fruitu izan denik, hura izan da. Oro har, berant eta destenorez ibili bada euskal literatura, salbuespen gisa agertzen zaigu alderdi horretarik Echepareren kopla liburua (baita, berdin, sorkuntza literaturatik kanpo, Leiçarragaren itzulpenak ere), ez, ene ustez, aipatu gibelamendu kroniko baten hasikin gisa. Bizkitartean aski da azken bost hamarkadetan argitara eman diren euskal literaturaren historiei behako baten ematea, maiz kontrakoa erraten dela ohartzeko, eta alderantziz, aipatu berankortasunaren aitzindari eta ikurra ikusten dela ardura Echepare baitan, Erdi-Aroko autore gisa aurkezten delarik. Ideia hori noiztik, nola eta noren bidez sortu, zabaldu eta finkatu zen gure artean izanen dut lehenik hemen aztergai, eta bidenabar ideia horren alde, edota ondorioz, eman diren zenbait argumentu eta ikuspuntu ere eztabaidatuko ditut, Echepare garai berrietako bertsolarien irudiko poeta ikasigabe gisa aurkezten dutenak bereziki. ETXAIDEK AIPATU ECHEPAREREN ETA RUIZEN OBREN ARTE-KO ANTZEKOTASUNA, ETA MITXELENAK AZPIMARRATU ECHEPAREREN OBRAREN ERDI-AROKOTASUNA Dakigun bezala, euskararen gaineko estudioek ez ezik, euskal testuei eta euskal literaturaren historiari buruzkoek ere zor handia diote XX. mendearen bigarren partean euskal filologia modernoaren bultzatzaile eta zabaltzaile izan zen K. Mitxelenari. Ez da harritzeko, beraz, lehenbiziko euskal autorearen inguruko ideia nagusi zenbait ere Mitxelenaren bidez finkatu badira gure artean. Historia de la literatura vasca-n (1960, 46-47. or.) argiki adierazi zuen Mitxelenak, 1 haren ustez Erdi-Aroko autorea zela Echepare, eta ez, salbu inprentari buruzko haren jarrerari eta euskaltzaletasunari zegozkionetan, Pizkundearen garaikoa: Cuando Francisque-Michel y Vinson le apellidaron "el Rabelais vasco" no anduvieron muy acertados. La comparación es inapropriada no sólo porque Dechepare no fue un prosista, sino también porque no hay nada en su obra, salvo el entusiasmo por la imprenta de la que esperaba -si se han de tomar sus palabras al pie de la letra-que pusiera a la lengua vasca por encima de todas las demás que sea proprio de un hombre del Renacimiento. En realidad, se piensa ante todo en un autor medieval. (Mitxelena 1960, 46-47. or.) Lehenbiziko aldia zen puntu hau -Echepareren obraren erdi-arokotasuna -gisa horretan azpimarratzen zela euskal literaturaz ordu arte ari izan ziren autoreen artean, 2 eta beharrezkoa da ikustea zer argumentu eman zuen Mitxelenak azterketa horren bideratzeko. Zorigaitzez, zenbait lerro franko laburren barne erabili baitzuen gai hau bere liburuan, ez da aurkitzen azalpen xeherik Mitxelenaren erranetan, eta haren ondoko lanetan ere ez zuen, nik dakidanaz, ideia hau sekula berriz aipatu. 3 BEÑAT OYHARÇABAL 492
fatcat:kaqk7a4bibepxk55hajbrfh45e